Next Euskadi

Eusko lur gainean zutunik, haritza bezain lerden eta zutik

07/10/2016 | María Eugenia Iparragirre

rss Ezagutzera eman
Eusko lur gainean zutunik, haritza bezain lerden eta zutik

DESCARGAR IMAGEN

Hunkigarria izan da lehen Eusko Jaurlaritza eratu zeneko 80. urteurrenean Gernikako Batzar Etxean egin den ekitaldia. Gerra herriaren atarian zela, Agirre Lehendakariak bere ardura beteko zuela zin egin zuen Arbola Santuaren azpian: “Jainkoaren aurrean apalik, Eusko Lur gainean zutunik, asaben gomutaz, Gernikako Zuhaizpean, herri ordezkarion aintzinean nere agindua ondo betetzea zin dagit”.

Zutik, aipatzen zuen Agirrek, “haritza bezain lerden eta zutik”, gehituko nuke nik, Batzar Etxean abesteko aukera izan dugun Pablo Sorozabalen ‘Gernika’ hileta-martxak dioen bezala. Hunkigarria izan da, benetan, hain ekintza solemnean, bizirik dirauten Lehendakari guztiak aurrean genituela, eraikinaren goialdetik sentimenez betetako kantu hau abesteko aukera izatea Donostiako Orfeoiarekin batera.

“Utzi emakume negar-zotinak, Euskal Herria hemen dago”, dio kantuak, eta nik ere malkoei eusteko esfortzu handiak egin behar izan ditut; denek ezin izan diete malkoei eutsi.

Lehen Jaurlaritza etorri zait gogora, eta bere buru Jose Antonio Agirre; unerik latzenetan desberdinen arteko akordioa lortzeko jakituria eta kemena izan zuen gizona. 80 urte igaro dira gaur egun Iñigo Urkullu dugu Lehendakari, Agirreren izaera eta jokabidea ondo baino hobeto islatzen duena. “Hautsi gure kateak, piztu euskal legeak ta hil artean bizi askatasunean eta pakean”.

Next Euskadi