Txirotasuna desagerrarazteko nazioarteko eguna
17/10/2016 | María Eugenia Iparragirre

1992ko abenduaren 22an, Nazio Batuen Batzar Nagusiak 47/196 ebazpena onartu zuen, zeinaren bitartez urriaren 17a Txirotasuna Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna bezala aldarrikatu zen. Pobreziarekin amaitzea eguneroko borroka den arren, borroka honek izen eta indar berezia hartzen ditu gaurko egun honetan.
Pobreziaren jatorria faktore ezberdin askoren arteko elkarrekintzaren ondorio izaki, behar-beharrezkoa da guztiak detektatu eta denak errotik aldatzea, horren guztiaren ondorio izango baita behin betiko pobreziarekin amaitzea.
Gaurko egunaren harira, EAJ-PNVk honako aldarrikapena egin du:
Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren I. artikulua: “Gizon-emakume guztiak aske jaiotzen dira, duintasun berberak dituztela; eta ezaguera eta kontzientzia dutenez gero, elkarren artean senide legez jokatu beharra dute”.
Giza eskubideen, askatasunaren eta giza duintasunaren erabilpena herritarren gizarte eta politika bizitzaren muinean dago. Haren izaeragatik, gizaki orok merezi du giza duintasunari zor zaion errespetua.
EAJ-PNVren aburuz, gizarte kohesioa elkarrekin bizitzeko, baliabideak eta baloreak partekatzeko modu bat da, eta gizarte batean diren ezberdintasunak errespetatzeko eta ulertzeko. Bada, praktikan jarri ahal izateak gizarte justizia eskatzen du, eta halaber, inklusioaren eta herritarrek eskubideak eraginkor erabiltzearen aldeko politika publikoen garapena eskatzen du, gizartearen mailarik ahulenen aldeko ekimenak lagunduz.
EAJ-PNVn Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema finkatzearen alde egiten dugu, erantzukizun publikoaren sistema gisa eratua, titularitate publikoko eta pribatu kontzertatuko prestazio, zerbitzu eta ekipamenduez osatua. Ildo horretan, euskal administrazio publikoek eta Hirugarren Sektore Sozialeko erakundeek bermatu egin beharko lukete eskuragarri edukitzea enplegua, etxebizitza, gizarte zerbitzuak, hezkuntza eta Osasuna.
Euskadiko babes eta solidariotasun sistema ona da eta hobetu ahal da, egingarria da koste handia suposatzen duen arren, eta bidezkoa da iruzurrak egon litezkeela jakin arren. Ona, egingarria eta bidezkoa, horra hor argudio nagusiak eta errealitate agerikoa. Hobetu ahal da, gainerako guztiak bezala; koste handia dakar, solidariotasunak ahaleginak eskatzen dizkigulako; eta iruzur kasuak ere ematen dira, beste zerbitzuetan gertatzen den bezala. Horregatik, erakundeak, guzti guztiak, laguntasun horien kudeaketa hobetzeko ahaleginean ari dira, baliabide hobeak emateko, lehentasun irizpideak gidatuta eta iruzurraren kontra egiteko helburuarekin.
Balorerik oinarrizkoenetan sustraitzen den aldarrikapena da hau, munduko gizarte garatu guztientzat esan barik bete beharko litezkeen printzipioak ekartzen ditu gogora eta batzuetan, bere esanahia galtzera iristen gara. Familia bat gara, eta elkarrekin senide gisa jokatu behar dugu gizakia pertsona delako eta, bere gizatasunean, duintasuna duelako eta ez preziorik. Pertsona guztiek dute beren duintasuna errespetatua izateko eskubidea, aukera berberak izateko, ondo tratatuak eta aintzakotzat hartuak izateko, gizartearen babes eta solidariotasuna jasotzeko, beharrizan egoeran daudenean.
1895 urtean sortu zen unetik beretik, EAJ-PNV oinarri humanista izan duen alderdia izan da, giza garapena bere jardun politikoaren helburu bihurtu duena. Pertsona helburu. Gaur, pertsonen alde egiten den apustu hori inoiz baino indartsuagoa da, solidariotasunik ezean gizarte politikarik ez dagoelako, ez gizarte eraikuntzarik, ezta aberrigintzarik ere.
Euskadik ezin du onartu milaka familia, milaka pertsona nagusi, milaka ume kalean biluzik geratzerik, lanik gabe, etxebizitzarik gabe, diru sarrerarik gabe, bazterketa egoeran, bakarrik. Ez du halakorik onartzen. Eta ez du onartuko.
EAJ-PNVren iritziz, herritar guztiei arreta berdina eskaintzeko modu bakarra interes pertsonalak eta alderdikoak albo batera uztea da, eta baldintza berberetan kalitateko zerbitzuak eskaintzea. Ekitatearen ikuspegitik, gizarte politikek aukera berdintasuna sustatzea dute xede. Berdintasunaren ikusmoldetik, politika horiei esker gizarte taldeen arteko ezberdintasunak murrizten dira eta herritar guztiek izan behar dituzten gutxiengo maila batzuk eskaintzen dira. Birbanatze politiken oinarria dugu honako hau.
Gaur inoiz baino gehiago, EAJ-PNVren aldetik argi eta ozen esaten dugu duintasunak pertsonak aske egiten dituela.