Next Euskadi

Bost urte, bizitzaren beste pertzepzio batekin

20/10/2016 | María Eugenia Iparragirre

rss Ezagutzera eman
Bost urte, bizitzaren beste pertzepzio batekin

DESCARGAR IMAGEN

Ingeleseko klasean nengoen eta nire telefono mugikorra dar-dar eta dar-dar ari zen etengabe; klasean zaudela ez da batere zuzena telefonoa hartzea, eta are gutxiago irakaslearekin batera norbera baino ez dagoenean, baina etengabeko dardarizoak begiratzeko baimena eskatzera eragin ninduen. Duela bost urte izan zen hori. ETAk behin betiko su etena iragarri izanak negarra eragin zidan; ikaragarrizko emozioa sentitu nuen, nahiz eta Aieteko Hitzarmenarekin denok sumatzen genuen zerbait gertatuko zela.

Bat-batean hainbeste oroitzapen etorri zitzaidan burura; gizakiok berezko ditugun ezaugarriengatik, lehenik eta behin nire bizipenak gogoratu nituen: gorrotozko begiradek eta irainek sortutako ikara, seme-alaba eta familiartekoek nirekiko erakutsitako kezka, mehatxatutako lagunak eta, txarrena, hildakoak ere bai. Subkontzienteak fokua zabaldu zuenean, Euskadin eta Estatuko beste lurralde batzuetako atentatuetan izandako beste hainbat hildako eta zaurituren irudiak ikusi nituen, begien aurrean izan ez arren.

Irudi horietako batzuk zuri-beltzean errebelatu zituen nire memoriak, aspaldiko egunkarietako orrialdeen bitartez izan nuelako haien berri; horrek gogoratu zidan nire bizitza osoan zehar ez nuela ezagutu ETAren jarduerarik gabeko garairik. Orain izugarria iruditzen zait, baina orduan eguneroko gertakizun moduan bizitzen nuen han edo hemen lehergailu batek eztanda egin zuela jakiteak, edo urrutiago edo gertuago pertsona bat edo batzuk erail zituztela ezagutzeak. Amorratzen ninduen, negarra ateratzen zidan, beldurra ere eragiten zidan, baina existitzen zen eta existitu behar zuela ematen zuen errealitate baten moduan ikusten nuen.

“Desio bat? ETAren amaiera”. “Zein titular irakurtzea nahiko zenuke biharko egunkarian? ETAren jarduera amaitu dela”. Orduko garaietan, ohikoak ziren horrelako galderak eta erantzunak han eta hemen argitaratzen ziren elkarrizketetan, test moduko galderatan… Eta 2011ko urriaren 20an, azkenean, titular horiek ikusi ahal izan genituen; hauek bai, begien aurrean. Ez dut ahaztuko inoiz une hori, ingelesezko klase batean nengoela, hainbeste eta hainbeste euskaldunen desiorik handiena egi bihurtu zela jakin nuenean; nire bizitza osoan zehar izan nuen ametsa bete zenean.

Next Euskadi