Next Euskadi

Epemugarik gabeko euskaldun berria!

05/12/2016 | María Eugenia Iparragirre

rss Ezagutzera eman
Epemugarik gabeko euskaldun berria!

DESCARGAR IMAGEN

Euskararen Eguna dela eta, urtero bezala gogoeta edo hausnarketa egitea pentsatu nuenean ez nituela betiko argudioak aipatuko agindu nion neure buruari. Muga horrekin eta inspirazioak egun horretan nonbait jai eguna hartu zuelako, azkenean, ez orijinala ez betikoa!

Gaur, ordea, prentsa irakurtzen nengoela zerbait bururatu zait; agian, astelehenarekin inspirazioa ere bere aisialditik bueltan delako. Dagoeneko Konstituzio Egunaren bezperan izan arren, gaur ere larunbatean besteko Euskararen Eguna dela erabaki dut, horrela izan beharko litzatekeelako urte osoan zehar. Gaztelaniazko egunkari baten izenburuak horrela zioen: “¿Cuándo deja un euskaldun de ser euskaldunberri?

Duela denbora bat izan nuen honen inguruko solasaldi bat; lagun batek ni euskaldun berria naizela esaterakoan bota zidan: “Beno, baina hori epe batean amaitu egingo da, ezta? Ez da betiko izango!”.

Aitortu behar dut nik beti aurkeztu dudala neure burua  euskaldun berri bezala, baina inoiz ere ez ezer gehiago edo gutxiago izango banintz moduan, errealitate bat bezala baizik. Azken finean, hamazazpi urterekin ikasi nuen euskara. Ama hizkuntza gaztelera izan nuen, aitak euskaraz zekien arren, lana dela eta ez zen gurekin egoten iganderoko mezarako ordua iritsi arte. Ama zen gurekin zegoena, baina berak ez zuen aukerarik izan bere amak primeran egiten zuen Sakanako euskara jasotzeko garai haietan bizitzen zen egoeraren erruz. Katea eten egin zen.

Hurrengo belaunaldian, nire eta nire ahizpen belaunaldian, katea berriz ere lotu genuen gure familian. Aipatu dudan bezala, hamazazpi urterekin euskara ikasi nuen, ostean irakasle ikasketak euskaraz burutu nituen eta  euskaraz eta euskara ikasgaia irakasteko aukera izan dut. Politikari moduan ere euskara erabili izan dut, baita Senatuan ere, horretarako aukera dugulako Lurralde ordezkaritzako Ganbera honetan. Aurretik, ama izatera ere iritsi nintzen eta nire seme-alabak euskaraz mintzatzen dira. Honekin esan nahi dudana da, garrantzitsuena euskara bizitzea dela, maitatzea, erabiltzea…

Noiz uzten dio euskaldun batek euskaldun berria izateari? Ez dit batere axola, zalantza horrekin jarraituko dut batere ardura gabe; arduratzen ninduena euskalduna izatea zen eta hori lortu nuen, eta horrek bai ez duela amaierarik izango. Euskal hiztuna, betiko!

Next Euskadi