Enpatia, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean
10/12/2016 | María Eugenia Iparragirre

Beste pertsona bat ondo egon dadin axola izatea haren giza eskubideei garrantzia ematea da. Ondorioz, pertsona bat axola bazaizu, giza eskubideak ere axola zaizkizu.
Giza Eskubideen nazioarteko eguna den honetan, hurkoarenganako enpatiaz aritu nahiko nuke. Azken egunotan hainbat komentario beldurgarri entzun ahal izan ditut. Marine Le Pen-ek egoera irregularrean dauden etorkinei esan die “amaitu dela osasun zentroetan eurak artatzea, sendatzea eta euren umeak eskolara dohainik joan ahal izatea”. Solidaritatea bai, baina herrikideentzat bakarrik, umil eta apalenak direnei bakarrik.
Kosta egiten zait diskurtso hori daukan norbaiten arrazoiketa zertan oinarritzen den ulertzea. Osasuna eta hezkuntza pribilegioak bailira tratatzen ditu, nortasun agiriak ematen dizkizun pribilegioak, giza eskubideak direla ahaztuta (edo alboratuta). Bai, giza eskubideak; pertsona izate hutsagatik norbanako orori dagozkionak, inork kendu ezin diezazkizukeenak.
Non galdu da enpatia? Non ahaztu dugu albokoak ere pertsonak direla? Noiz erabaki duzu horrelako neurriak hartzeko eskumen osoa duzula?
2017ko martxotik aurrera errefuxiatuak Greziara “bueltatu” ahal izatea proposatu du Europako Batzordeak; erosi eta gustatu ez zaizkizun galtzak bueltatzea bezalaxe. Hemen ere, non ahaztu dute asilo eskubidea giza eskubidea dela?
Nork erabakitzen du sinatzen ditugun hitzarmenetatik derrigorrean bete beharrekoak zeintzuk diren eta, hala nahi izanez gero, ez betetzeko moduko hitzarmenak zeintzuk diren? Zeren arabera egiten da?
Gustatuko litzaidake horrelako erabakiak hartzerakoan enpatia ariketa bat egingo bagenu guztiok, giza eskubideei baino bestelako gauzei garrantzia handiagoa ematen dieten pertsonak baitaude. Gomendatuko nieke, horrelako erabaki baten aurrean, euren burua kaltetuko duten pertsona horietakoren baten lekuan jarriko balute. Agian norbaitek bere erabakia aldatu egingo luke. Badakit askok eta askok ez dutela behar, eta giza eskubideekiko errespetua eta konpromisoa benetakoak direla. Sinesmen horiek praktikan jartzeko gero eta aukera gehiago dauzkagu. Batzuek dirua emanez egiten dute, beste batzuek zuzeneko ekintzen bidez.
Ez naiz ni izango zuzena zein den esango duena, bakoitzak ahal duen neurrian ematen duen laguntza oro eskertzekoa delako. Baina badago honen inguruan kezkatzen nauen zerbait: hainbat arlotako boluntariotzan azken urteetan eman den beherakada. Aldaketa generazionalik gabe geratzen ari diren elkarte batzuek egin dute SOS oihua, urte gutxiren buruan aktibistarik gabe geratuko direlako. Pena litzateke urte luzeko ibilbidea duen elkarte bat desagertzea jende berririk hurbiltzen ez zaiolako, egindako lan horren guztiaren oinordekorik agertu ez delako dena ahaztea.
Norberak dituen ahalmenen neurrian ematen du laguntza, bai elkarteei laguntzen dieten pertsonek eta baita elkarte horiek euren jardunean ere. Ez dira berdinak mundu mailan indar handia duen elkartea eta zure zonaldean arazo konkretu bati aurre egiten dion elkarteko lan taldea. Biak dira garrantzitsuak, baina askotan izena eta errekonozimendua handiari ematen dizkiogu txikiaren kaltetan, guri bete-betean eragin diezagukeena txiki hori dela ahazten dugularik.
Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean, hitz hauen inguruan hausnarketa bat egitera gonbidatu nahiko zintuzketet, oso garrantzitsua iruditzen baitzait gure ekintza guztien oinarrian enpatia apur bat jartzea.